INGEMAko I+Gko departamentuak hiru ikerketa-arlo lantzen ditu funtsean:
Zahartze aktiboaren sustapena eta mendekotasunaren prebentzioa. Zahartzearen eta urritasunaren inguruko ikerketak nagusiki prebentziora daude bideratuta. Ildo horretatik, urritasunik gabeko zahartzearen funtsezko mekanismoei buruzko ezagutza oinarrizkoa eta aplikatua areagotzea da INGEMAko I+Gko departamentuaren ikerketen helburua, betiere hainbat diziplinatatik begiratuta.
Hauskortasunaren eta mendekotasunaren errehabilitazioa eta konpentsazioa. Nahiz eta mendekotasunak lotura estua izan edadearekin, zahartzeak ez du zertan mendekotasunik eragin. Hauskortasuna, aldiz, beti sortzen du, nola edo hala. INGEMAren bigarren ikerketa-ildoa, beraz, edadetu gehienek igarotzen dituzten egoeren trantsizioari lotuta dago: autonomia-hauskortasuna-mendekotasuna jorratzen ditu, alegia. Gure ustez, urritasuna, mendekotasuna eta hauskortasuna ez dira egoera itzulezinak, eta beraz, horietan esku hartu behar dela uste dugu. Ondorioz, hainbat proiektu garatzen ditugu, prozesu horietako aldagaien arteko eragina eta lotura ezagutzeko, hainbat diziplinatatik begiratuta, eta behin ezagutza hori eskuratutakoan, esku hartzeko, aldatu/konpentsatu/errehabilitatzeko aukera izateko, alegia.
e-osasuna eta etxez etxeko zaintzak. INGEMAn bat gatoz herrialde industrializatuenek politika soziosanitarioen arloan egindako apustuetako batekin, eta baita edadetuen iritziarekin ere: zahartzaroa norbere etxean igarotzeaz ari gara. Ildo horretan, edadetuei etxean bizitzen laguntzen dieten proiektuak gauzatzen ditugu. Proiektuok prebentzioa, tratamendua eta zaintzaileak zaintza-lanerako behar duen laguntza hartzen dituzte asistentziaren oinarritzat, eta osagarritzat, berriz, erreminta teknologikoak eta zerbitzu soziosanitarioak.